XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez zitzaidan burutik pasa ere.

Apurka apurka, Setatsuaren laguntza berezi haiekin-eta, nire onenera etorri eta oso piztuta ibili nintzen uda parteraino.

Zenbaitetan, begiratu sastraka zegoen aldera eta sei pundu beltz ikusten nituen errezkadan korrika, senideak bailiren: bost basurdeak eta La Vache.

Baina oso gutxitan gogoratzen nintzen berarekin.

Gau izartsu batean ameslari jarri nintzen, eta mendiko aldia bukatua zitzaidala konprenitu nuen.

Aldegin beharra neukan norabaitera.

Nora? Hori esatea zailagoa zen.

Balantzategira behintzat ez, aldatuegia zegoen nire sorleku hura.

- Mendian behera abiatuko naiz, eta gero gerokoak -esan nion neure buruari, eta bidatzurrez betetako parajeetaraino jaitsi nintzen.

Orduan, bidatzur, haietako bati jarraituz, beste bidatzur lodiago bat aurkitu nuen, eta honen hurrena are eta lodiagoa zen beste bat.

Azken honen buruan, berriz, bide sendo eta zabala abiatzen zen, herri bateraino zihoana.

Non gertatu han ostatu, herri hartan bertan gelditzea erabaki nuen.

Ez noski bere plaza edo kale nagusian, baizik eta erreka bazter goxo batean.

Herriak leku lasaia ematen zuen, Balantzategiko ingurua bera baino lasaiagoa, eta baita hutsagoa eta ixilagoa ere.

Inor bizi ote da hemen?, galdetzen nion aldika neure buruari.

Zeren, nahiz uda izan, umerik ere ez baitzen ikusten.

Guztiarekin, baietz pentsatzen nuen, biziko zela norbait, soroak eta baratzak zaindurik ikusten zirela.